Berriz ere Udalak, kasu honetan alkateak, onartu du ia 14 hektareako itsas-pinua botatzea. Botatzeak esan nahi du adin bereko ale guztiak lurrera doazela, gehienak 54 urte ingurukoak, eta azpian garatu den baso autoktonoa txikituta geratuko dela: gorostiak, haritzak, gaztainondoak, urkiak, erramuak… orain dela 2 urteko aprobetxamenduan egin zuten bezala.
Gaur egun, baso-aprobetxamenduko teknika jasangarrien erabilera sustatzen da, basoko baliabide naturalak behar bezala kudeatzeko eta biodibertsitatea kontserbatzeko, hala nola mozketa selektiboa, aberasteko mozketa, babes-mozketa… edo mozketarik ez egitea. Bada, Lezaman ez.
Basoko baliabide naturalak eta biodibertsitatea kontserbatzeko irizpideak ez dira kontuan hartzen eta aukeratzen den teknika da matarrasa edo “corta a hecho”, horrek esan nahi duen guztiarekin.
BFAren baso-ingeniariak, Rafa Irazabal jaunak, antza, matarrasaren proposamena luzatzen dio alkateari, eta alkateak –eskumen osoa du proposamena onartzeko edo ez onartzeko- matarrasa onartzen du, beste aukerarik existituko ez balitz bezala.
Alkateak, adibidez, proposa dezake:
-Pinudia ,eta sortu den baso osoa, ez botatzea eta denon gozamenerako mantentzea: mendizale, txirrindulari, perretxiko zale, baso zale, hegazti, ugaztun, intsektu, narrasti, karraskari…
-Pinudiaren zati batzuk mantentzea, korridore ekologiko bat mantentzea, eta pinuen azpiko basoari lehentasuna ematea, batez ere garapen nabarmena duen eremuetan.
Orain arteko triskantza ereduak ez dira onargarriak. Bada aldatzeko garaia.
Bizi basoa, orain,
Ez 20 urte barru